Onintza Enbeita
BIRA

Dolua

2020ko apirilaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Konfinamendua hasi genuenetik nintzen beldur. Bereziki kezkatzen ninduen maite dugun norbait hilez gero egin ezingo genuen guztiak. Hotzikara ematen zidan gorpu baten aurrean bakarrik egon beharko zuen jendearengan pentsatzeak. Eta gertatu egin zaigu: asko maite genuen pertsona bat galdu dugu. Ez du koronabirusak eraman, baina orain horrek berdin du.

Tarteka badirudi ez dela gertatu. Gauez, gelako sabaian orain arte ikusi gabeko zerbaiten bila gabiltzanean, geure burua konbentzitu egin behar izaten dugu: bai, hil egin da. Baina guk ez dugu gorpurik ikusi, hurbilen zituenak ezin izan dira elkarrekin egon tanatorioan. Dolua deshumanizatu egin dute.

Eta okerrena da joan dena ez dela itzuliko. Hutsunea hor geldituko zaigu betirako, eta ganoraz ezin agurtuaren mina ere bai. Azken muxu bat, azken hitz bat, azken laztan bat... zerbait. Elkar besarkatzea ere ukatu egin digute.

Bitartean, albistegiek lanera itzuli den jendeaz hitz egiten dute. Egunen batean normaltasunera itzuliko garen esperantza zabaltzen dute. Eta ez dakit zer pentsatu. Normaltasuna itzultzen denean ez gara lehengo normaltasunean ginen pertsona berdinak izango, eta dolua egin beharko dugu. Dolu pertsonala eta kolektiboa. Ez bakarrik fisikoki galdu ditugunengatik, emozionalki lapurtu digutenagatik ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.