Onintza Enbeita
BIRA

Edertasuna

2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ligorra naizela esango didate, baina ezin dut hau moda berri hau jasan. Sareak euskararen edertasuna azpimarratzeko txioz betetzen ari dira. Etimologia zuzena batzuetan, eta merkea gehienetan. Barkatuko didazue, baina ez. Euskara ez da beste hizkuntzak baino ederragoa; ezta zailagoa ere. Euskara euskara da: horixe baino ez, eta hori dena aldi berean. Bere berbetan gordetzen du munduko bazter honetan bizi den jendeak mundua irakurtzeko duen modua. Flipatu egin nuen Andaluziako lagun batek zaguan bat zer den azaldu zidanean. Ez du gure atartearekin zerikusirik. Zaguanean, leku fisikoaz gain, Andaluziako arratsetako freskura kabitzen da. Eta ez da zaguan hitza atarte baino ederragoa, baina bakoitzak klima bat esplikatzen du.

Ez iezadazue euskararen edertasunaren inguruko latarik eman. Niretzat nola ez da ederra izango ni eraiki nauen hizkuntza? Nik mundua irakurtzen euskaraz ikasi nuen, eta beste mundu guztietara euskaratik abiatu naiz. Nahiago nuke euskararen ustezko berezitasunak gaztelaniaz azaltzen ari zaretenok sarea euskaraz beteko bazenute. Euskarak ez du maitalerik behar; gaztelaniak behar ez dituen bezala. Hizkuntzari nahikoa zaizkio errutinazko bikoteak: baita aspergarriak badira ere. Egunero erabiliko duen jendea behar du euskarak, eta kito.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.