Miren Amuriza.
BIRA

Egunerokotasuna

2018ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Gauza txikiak, egunerokoak, handitzat edukitzen ditugu askotan: kafe bat, ibilaldi bat, elkarrizketa pausatu bat. Beren txikitasunean, gutxi behar izaten dute, baina, ezegonkortzeko ere. Hilabeteak daroatzagu Kataluniara adi eta ikasturte hasieran zenbait gertaera historiko bizitzea zer izango ote zen irudikatzen ahalegintzen nintzen moduan (diada, erreferenduma, mobilizazioak, independentzia aldarrikapena...), bertakoen egunerokotasuna zelakoa izango ote den pentsatzen egoten naiz orain. Zer ote den asteak joan eta asteak etorri, tentsioa, inpotentzia, ziurgabetasuna kudeatu beharra; aldiro-aldiro informazio berria jasotzen, prozesatzen eta egoerarekiko posizionatzen aritu beharra.

Gurean ere badakigu zerbait tentsioaz, inpotentziaz, ziurgabetasunaz. Ordea, hemen, muturreko egoeretatik pasatu eta denboratxo batera hitz egin izan da errepresioaren ondorio emozionalez eta horrexegatik eman didate atentzioa Elisenda Pradell psikologoari irakurritakoek (urriaren lehenean polizia jazarri zitzaien herritarrak tratatzen dihardu): biolentziaren eraginez hitz egitea bezain garrantzitsua ei da, ahal den neurrian, eskakizun sozialek ia erabat galarazi dieten aisialdia, egunerokotasuna, berreskuratzea: elkarrizketa pausatuak, ibilaldiak, kafeak... Gauza txikiak handitzat hartzea ondo edo ondo izorratuta gauden seinale izaten baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.