BIRA

Eire

Itxaro Borda
2010eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Greziaren ondotik Irlanda dugu ikusmiran. Zorra ezin dute paga. Ez naiz zor publikoaz ari, estatuek ordaintzekoak dituzten bankuek biderkatu sortu zor pribatuaz baino. Greziar apurrak agertu dira Akropoliako Erekteion gainean bandera beltzarekin, turistak kexu, ez omen baita horrelakorik egiten humanitatearen ontasun batean. Irlandarrek aldiz Dublineko karrikak bete dituzte, NDF eta Europak apailatu zuzengabeko erregimenaren salatzeko.

Harrapakarien hurrengo helburuak Portugal, Espainia eta Belgika litezke. Birla finantzialak eta trader ausartak bortuetako saien antzera dabiltza: hondarkinak klikatzen eta garbitzen dituzte. Alabaina salbatze-planen karietara estatuei dirua interes handiagoarekin prestatzen zaie, badakizu irakurle, arrisku ekonomikoa larriagoa delako. Euroaren zonalde osoa dago lanjerrean. Euroarena baizik ez balitz... ehun milaka jende arrunten egunerokoa dabila dudamudan.

Egia erran, estatuek, nagusigoaren asetzeko, ontasun publikoa jarri dute mundu mailako azoka gosetien hazkurri. Politikariak beraiek piztu sua hil ezinez dabiltza, ez baitira haiek erreko alaina, populuak sakrifikatzen profitabilitatearen aldarean.

Sosa baitago irabazteko oraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.