Einsteini ez zitzaion iruditzen oso urruneko bi objektu bat-batean eta berehalakoan komunika zitezkeenik. Teoria kuantikoak aurreikusten zuen aukera horri ez zion puntarik ez ipurdirik ikusten, azken finean, naturan ez dagokeelako ezer argia baino azkarrago transmititu daitekeenik, eta hain zuzen horregatik, informazioak beti izango lukeelako denboran desfasea, batetik bestera iristerakoan. Ekintza fantasmagorikoa zela zioen hark, aukera hori erreala izan ez zitekeen neurrian.
Zientzialariak jo eta su aritu omen dira geroztik, misterioa argituko lukeen esperimentua asmatu nahian. Teoremak eta metodologiak proposatu izan dira, John Bellek 1964an aurkeztutakoa esate batera, Einstein oker zegoela eta teoria kuantikoa zuzen ari zela frogatzeko, baina ertzen batetik ez bazen, bestetik egiten zuten kale beti.
Nature aldizkariak behin betiko froga aurkitu izana zabaldu du berriki. Ekintza fantasmagorikoa erreala dela alegia, 1.280 metroko distantziara diamante banatan harrapatutako bi elektroi instantean komunikatzea eta «ados jartzea» lortu dutelako Holandan, eta honenbestez, egia absolutu bat eraistea. Eta ez dakit nola kristo egin duten, baina esango nuke agintariek ?eta denok ere? badugula esperimentuetatik nahiz partikuletatik zer ikasia.

BIRA
Elektroiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu