
BIRA
Entzuteak poz
Urte batzuk izango dira ez dudala ikusi, eta atzo azokara etorri zen. Halakoetan ohi denez, ea nola bizi den galdetu nion. Badakit guztiok galdetzen dugula gauza bera, eta ez beti erantzuna entzuteko. Askotan edukazioagatik bakarrik galdetzen ditugun gauzak dira, eta inoiz aspertu egiten gaitu erantzunak. Edozelan ere, kontua da atzo galdetu egin niola. Ondo bizi dela erantzun zidan: herrira itzuli dela eta oso pozik dagoela. Minutu gutxi batzuetan hizketan jarraitu genuen eta aitortu nion asko poztu ninduela bere erantzunak, ederra dela norbait ondo bizi dela entzutea. Ez dakit izango den garai gogorrak bizi ditugulako edo kexatzea edukaziozko erantzunen parte egin dugulako, baina normalean oso jende gutxik aitortzen du ondo bizi dela. Egia dela gaineratu zidan, bera gustura dagoela: «Zoriontsua naiz!», aitortu zidan. Zerbait ireki zitzaidan barruan. Gauza batzuk entzutea beti da pozgarria. Hainbeste negatibotasun jasotzen dugu egunero: egiten ari garenaren arriskuak, munduaren lehertu nahia, bekaizkeriaz egindako komentarioak, garena zalantzan jartzen duen jendea. Ohera joan aurretik geure buruari edo ondokoari gauza positiboak esan behar genizkioke. Bibrazioak aldatu eta pentsatu ze ederra den, maite gaituen jendearentzat, zoriontsuak garela entzutea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak