Laurogeigarreneko hamarkadan bezala Cojo Manteca lagun hartuta ikasleen manifestazioetan parte hartzeko prest sumatu ditut egunotan hainbat guraso, suminduta eta beldurtuta. Hori baitu krisi izendatu diguten honek, sinetsi dugula, ezinbestean, funanbulisten alanbre bat dela etorkizuna, eta gutxi batzuk eutsiko diotela zutik: abilenek, indartsuenek, prestatuenek. Eta, noski, multzo horretan nahi ditugu gure alaba-semeak. Horregatik, arranguratu gara hainbeste Espainiako Gobernuak Erasmus bekekin egindako prestidigitazio jokoarekin: oraintxe ez, oraintxe bai, laster betiko kentzeko.
Esaterako, 5 urteko ume baten amak esan dit prest dagoela itxialdi bat abiatzeko, edo gose greba bat. Inork ezin diola bere alabari hizkuntzak eta kulturak ezagutzeko aukera ebatsi, globalizaziorako prestakuntza ukatu, etorkizuna ezabatu. Erasmusa oinarrizkoa dela.
Eta Abdourekin gogoratu naiz. Orain egun batzuk adiskide batzuek kalean alderrai eta gaixorik aurkitutako adingabeko senegaldarrarekin. Itsasozko eta basamortuzko infernu bat gurutzatu du paperik gabeko eta debekuzko beste batekin topo egiteko. Eta hark ere izango du han urrun ama bat, semearen etorkizunagatik dena —betiko galera onartzeraino— emateko prest.

Bira
Erasmus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu