Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Erpurutxo

2013ko ekainaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Erpurutxoren ipuina zirraragarria eta emozio kontrajarrien piztailea zaio alabari. Alde batera, barregarria eta atsegina iruditzen zaio: maitagarria da Erpurutxo, txikia eta bizkorra, eta dibertigarria mundua hazbeteko altueratik irudikatzea. Ipuina kontatzen diodan bakoitzean txaloka ospatzen du bidea ez galtzeko Erpurutxok harri kaskarrak zein ogi apurrak botatzea. Beste aldera, ordea, beldurgarria eta tristea gertatzen zaio: bi segundo lehenagoko festak bekozko bihurtzen dira txoriek ogi apurrak jan eta haurrak basoan galtzen direnean, eta eztarrian korapiloa egiten zaio ogroa agertzean.

Baina ogroa beldurgarria izanagatik, benetan larritzen duena ipuinaren hasiera bera da: hots, Erpurutxoren ama-aitek haurrak abandonatzea erabakitzen duten unea, pobrearen pobrez ezin dietelako jaten eman. Jasanezina zaio, barrua goibeldu eta begiak betetzeraino. Larritasuna arintze aldera, beti esaten diot aspaldi eta urrutiko kontuak direla, egun eta hemen ez dela halakorik gertatzen. «Benetan?» galdetzen du, eta baietz erantzuten diodanean lasaiago hartzen du arnasa.

Lanik eta ondasunik ezean alderrai zebilen bikote batek Espainiako udal baten esku utzi ditu 11 eta 22 hilabeteko semeak, jaten ere ezin dietelako eman. Aste honetan gertatu da, Gasteizkoak ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.