Ainize Madariaga

Errautsen azken hatsa

2024ko martxoaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Xilko-kolkotik hurran, bular-harro, hatsantura-abiadura lasterra, bihotz-pilpira zalu: zeinen goxoa behar duen izan bertze gorputz baten baitan egotea, boz ozenak besarkatua izatea; babesa eta amodioa nahieran.

Garai aurre-lurtarrera itzuli dela erran genezakeen, lurrarekin batu aitzineko azken urratsetan dela. Lurretik lurrerat, zikloaren borobila zerratuko du.

Besoa altxatua du, lekukoa eskuan, begirada izarrei so; nonbait, zerbaiti irriño sarkorra igortzen dio, lotura estu ikusezina sumatzen da; zilbor-hestea bezala. Mugimendua indartsua da, deusek ez ere nehork ez lezake bara: lasterka ari da eta bakea du hats bakar. Bi bizkarreko dauzka korrikalariak: bata berea, bertzea harena; kilometro horren zentzu guzia daraman harena; bigarren besoarekin tinkatzen duenarena. Zeinak duela bi urte lekukoa haren beraren besoz eraman baitzuen. Lasterka ari da eta biendako arnasten: bere buruarendako, eta oroz gainetik, zendu berri zaion senarrarendako. Errautsen azken hatsa.

Ikusi dudan omenaldirik ederrenaren lekuko izan naiz: Korrika, oroz gainetik, emozionala baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.