Ertzak

Itxaro Borda
2010eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Zorion hutsa da musika zuzenean entzutea, hala nola iragan asteazkenean lanetik landa, Baionako Elkar dendaren egoitzan Bide Ertzean taldea unplugged. Gitarretan Imanol eta Joni Ubeda, gehituz Karlos Arantzegi baterian, hirukoteak Don Inorrez diskako bost kanta eskaini zizkigun. Harmonika dylanianoari esker askatasunez mukuru amets ditzakegun Amerika haien leihoak zabalduz, 40. paralelo geografikoaren gainaldean hedatzen ere den lurralde honetako poeten hitzak ozenarazi zizkiguten: Otamendi, Ibarguren, Madariaga. Beste abestiak Imanol Ubedarenak ziren.

Kotxean sarturik gauaren minean aditzeko zatiak dira guztiak, autopista hutsetan gabiltzanean munduaren ertzak eta hegiak zorrotz edo leun diren egiazki ikusteko abiatzean. Euriagogor ari dela, haizea bezain. Bista eta esperantza laburtzen doazkigunean. Baina erran dezadala euskal rokanrollak, bere pop aldaerarekin, betibultzatu gaituela bideetan aitzinatzen, motorizatuak izan ala ez izan. Hori da, to bleed or not to bleed. Arratsetan loa hartzen laguntzen gaitu eta goizetan iratzartzen, egunerokotasun txepelari buru egiteko. Derrigorrezko periferiazaleak garelako.

Bide Ertzean ederki gaude azkenean, gure lekua baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.