Latza da eskizofrenia. Glamour apur batek samurtuko lioke akaso zama, Asperger sindromeari gertatu zaion antzean, aktore apain eta arrakastatsuren batek harena publikoki aitortzeak. Halakorik ez eta isilpean eraman beharra dauka eskizofrenikoak, eromenaren gaineko topikorik larrienei josita agertu izan delako gaitza, egiaren kaltean. Oro har, ezer gutxi dakigu eskizofreniaz, ehunetik hamarrek pairatzen du baina. Ingurura erreparatu eta aurpegi zehatza jarriko genioke, ulergarriagoa egingo litzaiguke, sufritzen duten horiek ezkutukoak ez balira.
Memoriaren galeratik hasi eta mota guztietako delirioak biltzen ditu sintomen zerrenda luzeak. Haluzinazioak lirateke okerrenak: batzuek entzun ohi dituzten ahotsak —usu beren buruaren aurkakoak—, edota beste zenbaitek benetakoak balira bezala ikusten dituzten agerpenak —estralurtarrak, amabirjina…—.
Esperientzia parasito horien sorburua aurkitu uste dute Cambridgen, burmuineko area txiki jakin batek egiten duela errealaren eta haluzinazioaren arteko bereizketa lana. Eta iturburua ez ezik, balioa ere bilatu beharko litzaiekeela esango nuke, garai batean iluminatuak eta gaur seko baztertuak diren horiek, bihar onartuak izan daitezen. Eta ez, drogaz neutralizatu beharreko pitzatu hutsak.

BIRA
Eskizofrenia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu