Gurasoek erabakitako arropekin gogaitzeaz batera aurkitu zituen aberria eta klasea A-k. Eta halaxe ulertu zuen bere itomenak kolore sufrituz tindatutako jantziez haraindiko arrazoiak zituela: zapalkuntza, eta zapalduen bizi jarrera. Borrokan bizi da ordutik, hamaika frontetan. Borrokan eta sufritzen. Asko baitira pairamenak: espetxeratutako maiteak, kartzeletarako bidaia amaigabeak, jazarpenaren jomugan izatearen beldurra... Eta beste batzuk, ia aitortu ezinak, ulertzen ez ziren hilketekin otzan jokatzeak sortutako egonezin isila, kasurako. Eta bereziki, azkenaldiko galdera bat: zertarako?, zer lortu dugu?
Institutuko aurreneko asanbladetan ohartu zen B proposamen kolektibo handien oinarrian interes pertsonalak zeudela: gehiago ligatzeko eta, finean, boteretsuago izateko baliatzen zituztela liderrek borroka amestiak. Berean zentratu da ordutik, bere egin du homo homini lupus zentzurik hobbesianoenean, egungoari posibleen arteko sistemarik onena iritzi dio, eta mesfidantza gorriena piztu diote utopiek, eta besteek, oro har. EREak eta banketxeko aholkulariak saldutako finantza produktu iruzurtiak eragindako aurrezkien galera bakarrik sentiarazi dute, ordea, oso.
A-k eta B-k gaur eskua emango diote elkarri, Iruñetik Durangora bitarteko punturen batean. Indartuta sentituko dira.

BIRA
Eskuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu