Ainize Madariaga

Estrategia halabeharrez

2024ko martxoaren 8a
05:00
Entzun

Jalgi da fite-fitea Baionako lizeotik. Hiriaren periferiarat igorri dute, kirol-denda alimale horietariko baterat: mundruna eta inpertsonalkeriaren erresumarat. Han ere ez du helburua bete, ez baitute saltzen nahi duen hori.

Doi bat frustraturik jautsi da denda erraldoitik eta aparkaleku latifundista zeharkatzen hasi da oinez, sakelakotik komunikatzen ari den ber. Bazterreko hiru gazteek abiatu dute neholako gomitik gabeko elkarrizketa intrusiboa: «Hei! Emadazu zure snap-a, are!». Burua biratu du eta entzungailuak kendu ditu: «Barkatu?». «Polit hori, emadazu zure snap-a». Ezetz. Urratsak zalutzen hasi da, harremana imanezkoa balitz bezala, gibeletik motoz segika hasi zaizkio. Bihotza punpaka, odola borbor, izerdi hotzak karroindatu du gaztea. Beharrik autobusa hor gertatu dela: babestokirat igan da, norat doan jakin gabe, eta negarretan urtu da.

Makurrena bukaera: «Alta, normal jantzia nintzen, ama; ez nuen gona motzik».

Karmele Jaiok idatzi du: «Ez gaituzte gehiago bortxatu, estratega batzuk izan garelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.