BIRA

Ez egin negarrik

Itxaro Borda
2010eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Xabier Lete zendu zela ikasi genuen Donibane Lohitzuneko lasterketara abiatzear ginela. Haize hotza kanpoan eta tristura bihotzean. Alabari kontatzen nion nola entzuten genituen, Pariseko osabak igorri eta Xabier Letek grabatu berri zituen 45 itzuliko diskoak buklean: Giza aberea, Amaren bularra, San Simon eta San Juda, guztiak klasiko bilakatuak. Beranduago, mobileta brikolatuetan,Donapaleura joaten ginen Lete, Antton Valverde eta Lurdes Iriondoren zuzenean aditzeko. Ikastolaren alde.

Aspaldiko istorioak dira. Ukitzen gaituztenak. Gure hitz neurtuen oinarrian daudelako. Lafiteniarako ibilaldian, itsaso barea eskuinaldean eta zeru gris mehetxagarrian bermatzen zen Larrunen buru zuria ezkerraldean poeta baten partitzea latza dela pentsatzen nuen, urratsean, poeta herrikoia delarik bereziki. Herrikoia, euskaldunon egunerokotasuna gozatzeko kantak idatzi zituelako diot. Xalbadorri egin zion abestia xuxurla dezakegu izena aldatuz.

Xabier Leteren hautsak barreatuko dira. Izarrenak balira bezala. Lurralde honekiko anbiguitate maiteminduz goazen bizidunok ez dakigu herioa erraldoitasunaren bukaera ala memoria zabalaren ataria den.

Zorretan gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.