Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Fantasma

2014ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Aurrez iragarrita egon arren korapiloa lotu zait eztarrian irratiak esan didanean baietz, Le Penek irabazi dituela bozak Frantzian. Vallsen mezu apokaliptikotik hurbilekoak —hara, apolitiko idatzi dut aurrena, jostaria da gero inkontzientea— izerdi larria kutsatu dit: lurrikara da, hondamendia, elkarbizitza, ongizatea, demokrazia... egon daitezke galbidean.

Eta izerdi larri horretako eldarnioan Leonarda Dibranirekin akordatu naiz: Vallsen beraren aginduz eskolako txango batean atxilotu zuten 15 urteko ikasle arretatsu eta bizkorrarekin. Nola umetatik Frantzian bizi eta eskolatua egon arren atzeman eta Kosovo jaioterrira egotzi zuten, familiak paperik ez zuelako, ijitoak zirelako. Eta akordatu naiz ostiralean Toledoko (Espainia) erietxe batean hil zen Jeaneth Beltran 30 urteko nikaraguarrarekin: 4 orduz egon zen larrialdietan zain, aurpegiaren erdia paralizatuta, oinaze handitan, ahotik adurra zeriola, goitika eginez. Baina inork ez zion jaramonik egin, paperik ez zuelako. Eta akordatu naiz Josu Bergararekin.

Egia da, fantasma bat dabil Europan —Marx eta Engelsek behinola aipatu zuten harekin zerikusi gutxikoa—: elkartasunik ezarena, xenofobiarena, debeku eta agintekeriarena. Aspalditik. Ez du Le Penek soilik harrotu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.