BIRA

Gauzak

Onintza Enbeita.
2023ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Mundu idealean biziko bagina, lurra guztiona izango litzateke. Ez dugu halako mundurik eraiki, ordea. Eta gure kasuan, jabetza pribatua estimatua den eremuan bizi gara. Eta batzuek besteek baino gehiago estimatzen dute jabetzan gauzak edukitzea. Ezagutu ditut metro erdigatik haserretu eta sekula adiskidetu ez ziren baserritarrak. Haien seme-alabek ere elkarrekin haserre jarraitzen dute, seme-alaben seme-alabek ez dute adiskidetu nahi.

Ez naiz merezi ez duenari ezer ematearen aldekoa: bakoitzari berea. Dena den, ez digute hilkutxan etxerik, bizikletarik, lurrik, kotxerik, arroparik, dirurik, munarririk edo errepuestoko oinetakorik sartuko. Orduan, ez dut ulertzen zergatik daukagun gauzak pilatzeko halako amorrua. Pilatu, pilatze hutsagatik, asko izateagatik. Etxe txikia utzi eta handira joaten gara horretarako lanordu gehiago egin behar baditugu ere, kotxe handiak egunean kilometro bi egiteko, bizikletarik onena lagunekin buelta bat emateko, arropa merkea eta asko egunero aldatzeko... batzuetan pentsatzen dut hiltzean baino ez dugula bakea hartuko. Izan ere, bizitzan egin ditudan etxealdaketek eman dizkidaten buruko minekin, behintzat azken etxera traste gutxirekin sartuko naiz. Gainera, adinarekin, gero eta gauza gutxiago eduki nahi ditut.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.