«Ukrainan bonbak botatzen ari dira», esan dio lau urteko umeak amari. Txistua irentsi du hark, garratz, eta baietz esan dio umeari: munduaren bazter hartan gerran daudela. Natural erantzun dio umeak «izan ere, han gasa daukate». Amaren harridura aurpegiak zerbait esplikatzeko beharra erakutsi dio umeari eta argitu egin dio afera: «Izekok esan dit». Neure alde esan behar dut izerdia atera zitzaidala gorputzeko zulo guztietatik, baina azalpen bat ematen saiatu egin nintzela. Umearen alde esan behar dut, esan niona erabat ulertu ez badu ere, ez dabilela hain gaizki.
Zaila da umeei gerra azaltzea. Erakusten dizkiegu filmak, ipuinak, kantuak, baloreak… eta guztietan bereizten dira garbi onak eta txarrak. Onek beti, edo ia beti, izaten dute saria eta gaiztoek zigorra. Bizitza erreala hori baino konplikatuagoa da, ordea. Onentzat ez da saririk izaten eta gaiztoak ederto bizi dira. Egungo gerretan nahastu egiten dira bandoak, interesak, pertsonak eta dirua. Umeei erakutsi nahi diegun eta eskutik eskura pasatu diegun munduaren artean nabarmenak dira desberdintasunak. Egin beharko genuke biak elkartzeko zerbait edo bideratu beharko genuke gure militantzia kapitalaren menderakuntzatik ateratzera. Bitartean nahi nuke gerra umeek bezain sinple ulertu.

BIRA
Gerra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu