Austeritateari STOP errateko garaia da. Grezia, Espainia, Portugal… bihar, gu!». Hastapenetik hitz larriz eta harridura ikurrez jositako orria ekarri zuen haurrak eskolatik, funtsean albiste bat eta bera helarazteko gurasoei: ostegunean greba.
Ama grina gaiztoak hartu zuen, baina ez ekintzaileen arrazoiak txar iruditzeagatik, edo politikarien erreformari men egiteagatik, haurrei jai emateak logistika arazoak sortuko zizkiolako baizik. Eta kasu latzotarako ukan zezakeen baliabide bakarra, amona, ondoezik zegoelako. Horixe adierazi zion behintzat, telefonoz. Amari susmagarria begitandu zitzaion, huskeria harengatik haserre jarraitzen ote zuen, eta haren erruz udako opor egun bat hartu behar ezinbestean. Konplot itsusia zeritzona ondo antzean iragan zen alabaina. Festa totala ospatu zuten ama-semeak, gogoak emandako guztia eginik.
Gaur, kakalarriak jota esnatu da mutikoa. Eskolara abiatzeko hamar bat minutu falta direla, etxeko lanak egitea ahantzi zitzaiola aitortu du. «Hik ere greba egin huela esan ezak», iradoki dio amak, lasaigarri. Mutikoak, amari kopeta belztuta, arkatza hartu eta ariketak ebazteari ekin dio presaka, betiere errazago baitzaio matematika ulertzea, helduen logika baino. Auskalo zer esango liokeen irakasleak.

BIRA
Greba
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu