Onintza Enbeita
BIRA

Gurasoak

2021eko abenduaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nik badaukat asko maite dudan lagun bat gurasoek izorratu egin dutena. Seguruenetik ez hala nahita, eta, distantziatik iruditu zaidanez, haien egoerak behartuta, baina gurasoek momentu gehiegi apurtu zizkioten. Azkenean, gurasoak zaindu eta kontrolatu beharraz nekatu egin zen. Bere lekuan nik zer egingo nukeen kontatzen diot askotan, baina horrek ez du balio: bere lekuan bera bakarrik egon da. Bakar-bakarrik. Orduan, askotan eztabaidatzen dut berarekin gure amari eta aitari buruz. Nik erreklamazio orri asko bete ditut nire gurasoekiko kexuekin, eta lagunari ez zaizkio kexatzeko moduko arrazoiak iruditzen berak gurasoekin izan dituen arazoak benetakoak izan direlako.

Gabon aurretxo honetan uste dut biok dugula gurasoekiko maitasun erromantikoa desmuntatu beharra. Berak lasaitasuna merezi duelako, eta nik ez dudalako ni aldatu ez nauen inor aldatzeko eskubiderik. Biok proiektatu dugu guraso perfektuen ideia bat: berak ez duelako gurasorik izan nahiz eta haiekin bizi, eta nik askeago izan nahi izan dudalako. Ordea, guraso perfekturik ez dago; maitale akatsik gaberik ez dagoen moduan. Maitasun erromantikoa beti da txarra: berdin dio nori aplikatzen diozun. Zure gurasoek munduan jarri zintuzten: konpondu zaitezke haiekin ondo, txarto, normal edo oso txarto. Eta kito.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.