Harrigarria da gorputzak noraino jarraitzen digun. Leher eginda dagoenean ere, gu goazen leku guztietara etortzen da, eta han irauten du. Aulkiren batetik zutitzerakoan, edo etxekoa ez den ohe batetik esnatzerakoan, edo garagardo estraren bat edaterakoan, edo eremu zaratatsuetan loak hartzeko zorian zaudela, konturatzen zara dena ez dagoela ondo. Gorputzak tira egiten dizu edo zartadaren bat sentiarazten dizu edo lotarako ordua duzula esaten dizu. Kasurik egin ezta ere, ordea, lagun egiten dizu hurrengo egunean, eta hurrengoan, eta hurrengoan. Zenbat aldiz esaten dugun halakoa gertatuko balitzait hil egingo nintzateke, baina halakoak eta handiagoak gertatzen zaizkigu eta ez gara hiltzen. Geure buruari esaten diogu ezingo genukeela min handiegirik jasan, baina jasan egiten dugu; eta gure gorputzak oinez jarraitzen du.
Askotan pentsatzen dut neure gorputza dela jabetzan dagokidan gauza bakarra, eta, aldi berean, ardurapean ditudan gauzetatik gutxien zaintzen dudana. Ez dut uste ni naizenik horrela dabilen bakarra: gaitz hedatua da gorputzari ez entzutearena. Gaitz guztiak, psikologikoak eta fisikoak, artatzen ditugu iritsi eta gero, baina kasu batzuetan, denetan ez bada ere, batzuetan bai bederen, gureganaino irits daitezen saihestu egin dezakegu.

BIRA
Gure gorputza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu