Domekan hauteskundeak dira eta erdi ahaztuta neukan. Izan daiteke Espainiako Gorteetarako direlako, uda delako, nekatuta nagoelako edo behin parte izan nintzen eta orain nahiko ez nukeen zerbait direlako, baina kontua da despistatua egon naizela. Eta aldi berean, uste dut ez gaudela despistatzeko moduan. Gobernu zantar samarra gera daiteke Espainian gauzak oker joanez gero, eta ondo badoaz, ez da ona izango, baina okerragoa izan zitekeen kontsolamendua geratuko zaigu. Faxismoak lotsa galdu du: filmak debekatzen ari da, antzezlanak karteleratik kentzen, sexu askapenaren aldeko aldarriak ezabatzen eta eskubideak urratzen. Ez zaigu Espainiako Gorteetatik aukera onik inoiz iritsiko, baina faxismorik ez dugu nahi eta ez dugu behar. Kontua da arazoa ez dela hauteskundeetakoa bakarrik edo alderdi politiko batena bakarrik. Arazoa zabalagoa da askoz. Faxismoaren mezuak hedatu egin dira, eta haien gezurrak sinistea nahikoa desgrazia ez balitz, gazte askok alternatiboak izateko modua aurkitu dute diskurtso horietan. Eta hedabideek, publikoek eta pribatuek, adierazpen askatasunaren eta demokraziaren izenean lekua egin diote diskurtso horri.
Ez dago adierazpen askatasunik faxismoa justifika dezakeenik. Ez dago. Bidali egin behar ditugu faxistak, eta ez instituzioetatik bakarrik.

BIRA
Hauteskundeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu