Onintza Enbeita
BIRA

Hego haizea

2018ko urriaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eguna laburtu da jada, baina iluntze gozoak sor ditzake oraindik hego haizeak. Haize epela izaten da hegotik datorrena: indabak eta piperrak lehortzeko bere bizikoa. Udazkenaren ezaugarrietako bat izaten da hemen, hego haizeak hostoak nola dantzatzen dituen ikustea. Naturaren beste elementu askoren moduan, eragina dauka guregan. Hala esaten dute behintzat gaixotasun kronikoak dituztenek. Nerbio sistemako edo buruko gaixotasunak dituztenak aztoratu egiten omen ditu. Zientzian bakarrik fidatzen direnek nekez sinisten dituzte halakoak, baina gaitz horiekin bizitzen ikasi dutenek baietz esaten dute.

Agian horregatik esango zaio andra haizea hego haizeari. Ez daukat erantzun zehatzik, baina susmoa daukat ez ote diguten, disimuluan, historikoki, guri egotzi nahi izan burutik ondo ez egotea. Txolintasunarekin lotuta bezala erabiltzen da askotan andra haizea. Litekeena da hala ez izatea, eta emakumeak protagonista egiten gaituen arrazoi historiko ederrak izatea izen hori erabiltzeko. Ez dakit baina zer esan: genero markarik gabeko gure hizkuntza hau sortu eta mantendu dugun lurretan gizonak izan dira jaun eta jabe. Beraz, ariketa polita litzateke, halako esapideak nondik datozen aztertzea, ulertzea, jakitea. Horrela, merezi ez dutenak ez ditugu inora eramango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.