garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Hestea

2015eko ekainaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Giulia Enders ikerlari gazte sinpatikoa —barrez ageri da beti—, argiaren abiaduran hedatzen den deskubrimendua izan zen YouTuben, best-seller sonatu baten egile bilakatu aurretik. Gure digestioa du mintzagai, eta gure esfinterrak, gure puzker-kakak, gure komunak eta tripa laxatzeko ohiturak, hain lotsagarri eta antisozial egiten zaizkigun kontu fisiologiko ekidinezin horiek, eta argi dago zergatik: osasunean, historian bezala, atzeak erakusten duelako aurrea nola dantzatu.

Dagoeneko milioi eta erdi ale saldu ditu jatorrizko hizkuntzan —alemanez—, dibulgatzaile aparta den seinale, eta bide beretik doaz frantsesezko, gaztelaniazko eta beste gainerako itzulpenak ere. Umorez eta erdi jolasean, erraien artean itsusiena balioestera dator liburua, ongi merezia lukeen xarma eta estimua irabaztera. Hestea gure bigarren zerebroa dela dio, burmuinekoa bezain konplexua izan litekeen nerbio-sistema batek gobernatzen duela, eta gizentasuna edo alergiak ez ezik, depresioa, ondoeza eta bizi-nekea ere eragin ditzakeela, buruari estuki lotuta dagoelako.

Zientzia denon platereko jaki eginez, naturaltasuna saldu nahi digu Endersek. Eta nik, erosi egingo diot. Naturaltasuna, gorotz kontuetan eta bestela ere, egia bera baino deserosoagoa izan ohi den arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.