Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Hipotesiak

2014ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Rajoy itxuraz soraioak Espainiako hauteskundeak irabazi zituenean, adiskide dudan senar-senar bikote batek apustua egin zuen: senarretako batek zihoen urtebete gehiago ez zutela iraungo ezkonduta, sektore ultrak baretzeko bertan behera utziko zuela Zapatero onberaren sexu berekoen ezkontza. Beste senarrak, berriz, ez zela arriskurik: Rajoyk eta PPk bazekitela jendartearen oniritzia zuela matrimonio modu horrek, eta gaitzegia litzaiekeela ezabatzea. Apustu horren haritik, beste lagunok ere ibili ginen eztabaidan. Une hartan, ordea, ez zitzaigun bururatu nazionalkatolizismoaren benetako erasoa abortuaren aurka gauzatuko zenik. Atzo, aspaldiko partez senar horietako batekin egin nuen topo. Hipotesietara jolastu ginen: lagunak bota zuen PP barruko gay lobby-aren presioak eta outing mehatxuek babestu dutela sexu berekoen ezkontza. Nirea, berriz, patriarkatua egiaz izutzen dutenak besteren tutelarik gabeko andre buru-gorputz jabeak direla, eta horregatik obsesionatu direla abortuarekin. Eta, gainera, sexu berekoen ezkontza, ezkontza den heinean, funtsean, normalizazio modu bat dela, gizon zuri boteredun askorentzat integrazio bidea.

Nolanahi ere, agurtzerakoan lagunak esan zidan senarrarekin egindako apustua kitatu gabe dutela oraindik, agintaldia amaitu arte ez dagoela irabazlerik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.