Mundu berria deitu zaiona zaharraren gainean eraiki zen: fisikoki eta sinbolikoki gainean. Gaur, esate baterako, hispanitateaz harro daudenak kalera aterako dira, eta jendeak sinisten jarraituko du mesede bat egin zitzaiela jatorrizko herriei haien hizkuntzak, kulturak, neba-arrebak eta erlijioak hilda. Eta egun hauetan, uste dut antzerako gauzak pentsatzen dituela jendeak Israelgo estatuaz. Ahaztu egin zaigu noiz sortu zuten eta zer egin duen sortu zutenetik. Badirudi palestinarrek asperduragatik asmatu zutela erresistentzia, kendu zitzaien lurra berreskuratzeko barik. Ez dakit zergatik daukagun hain memoria laburra. Indarkeriaren zilegitasuna gobernuei diegu emana, eta haien zapalkuntza salbaien kontra altxatzen direnei terroristak deitzen diegu, edo animaliak. Animaliek ez daukate ezeren errurik, jakina, baina norbaitek norbait animalia bezala hartuko duela esaten duenean, badakigu zertaz ari den.
Gure agintariek, hezkuntza sistemak, komunikabideek... denek daukate errua guk mundua ikusteko daukagun moduan. Guztien artean eraiki dute hizkuntza kolonizatzailea: altxamendu faxistari gerra zibila deitzen diogu, Amerikako jatorrizko herrien genozidioari deskubrimendua, Israeleko estatu hiltzaileari demokraziaeta palestinar erresistentziari terrorismoa. Eta horrela dena.

BIRA
Hizkuntza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu