Jaganez mintzo zen azken hiztuna hil egin da. Gorpu bakarrarekin lurrunduko dira mundua ikusteko modu bat eta noizbait komunitate oso bat mintzarazi zuen hizkuntza. Cristina Calderonek 9 urterekin ikasi zuen gaztelania, baina 93rekin hil den arte eutsi dio bereari. Haren bederatzi seme-alabek ez dute amaren hizkuntza ikasi baztertuko dituzten beldurrez, eta orain ez dago inor jaganez mintzo denik. Sareetan irakurri ditut malkoak, ikusi dut Calderonen aurpegia besoan tatuatua zuen gizon bat, entzun dut jendea hizkuntzak gorde eta mantentzearen garrantziaz hizketan, ulertu dut haren etxekoen mina, baina zerbaitek esaten dit behar izan denean ez dutela ezer egin.
Ezinbestean gogoratu dut nola entzun nion behin Xamarri euskara ez dela galduko, hizkuntza bat museoan gordetzeko metodo asko daudela: grabaketa bat nahikoa dela euskara gordetzeko. Calderonen bideo bat ikusi dut eta han entzun dut jaganaren soinua, baina pantailarik gabe ez dut inoiz luxu hori izango. Erronkarieraz hitz egiten zuen azken emakume hartaz gogoratu naiz: altxor handia bailitzan dago artxiboetan gordeta. Eta ez, hizkuntzak ez dira altxorrak. Altxorrak ezkutatu egiten dira inork aurkitu ez ditzan, eta hizkuntzek jende askok aurki ditzan behar dute iraungo badute.

BIRA
Hizkuntzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu