Hotzak marguldu egin du eguratsa: ez da ez urdin, ez arre, ez zuri; dena da bat, dena da lauso. Autoak argiak piztuta doaz errepidean, ezinbestean, gauetik goizera, goizetik gauera.
Hotzak isildu egin du trena: beterik doa bagoia, baina hutsa aditzen da. Bidaiariak, bat bai eta bestea ere bai, beroki eta bufandetan kizkurtuta doaz, bekainak hertsatuta, bakoitza bere kezkara bilduta. Kezka arnasten baita. Eguneko obligazioak berdinduta etxeko atseden promestura bidean diren herritar probetxuzko horiek kezkaz gainezka daramatzate sorbaldak, patrikak, poltsak,telefonoak. Ez dago pozerako aitzakiarik, ez dago berriketarik: hotzak irentsi egin du lilura.
Esate baterako, proletario koloreko txamarra urdinean belarrietaraino babestuta doan gizonezkoak ez daki etzi tokirik izango duen lantokian; lantokirik aurkituko duen azken 30 urteetako tokian. Ez daki nola azalduko dien bere klase ertaineko alaba-semeei ez dela klase ertaineko oparirik izango Eguberrietan; ez daki nola eutsiko dien klase ertaineko lagunei, klase ertaineko hipotekari.
Emakume beltzaran bat sartu da bagoira. Ozen aldarrikatu du tristea dela eskean ibiltzea, baina oraindik eta tristeagoa umeak goseak ikustea. Txanponak biltzen hasi aurretik Violeta Parraren Gracias a la vida kantatu du. Epeldu egin du trena.

Bira
Hotza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu