Bira

Ibili

Itxaro Borda
2011ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Euskal hiztegiko aditzik ederrena ibili da, analitikoan bezain trinkoan. Isturitzeko harpeko neandertalen garaitik naski ez dugu besterik egin. Oraindik ere oinak erabiltzen ditugu dabilan harria bultzatzeko like a rolling stone eta gure soin astunen urrunago eramateko, errealki eta metaforikoki.

Berbaren harilkatze poetiko horretaz gogoetatzeko astia ukan dut sei orduz iragan igande batez. Oskiak jantzi, janari apurra hartu eta abiatu naiz bakarrik oihan apaletarik, hiriak halaber zeharkatuz, Amerikar filmetan bezala burdin bide debekatuen saihetsetik lerratuz bideokamera salatarietarik ihesi, lantegi herdoildu abandonatuetara heltzeko gero. Mimosa eta burdin hotz usaina. Artelatz enbor erdi biluziak. Urmelak. Pinu gorakoiak. Haizea. Dunak eta itsaso haserretua azkenik. Pentsatzen nenbilan, pentsamendua bera urratsaren monotoniaz desagertu zitzaidan arte.

Une horietako bakartasuna gozamen hutsa da. Ez dugu orduan nehoren beharrik, premiarik, eskaerarik. Norbera, hatsa eta bidea nahikoak dira. Aspertzeko arriskurik ez dago bihurgune bakoitzean begiek eta bihotzek badutelako non bazka. Lokatzez hantu xendrak maite ditut, euri mehatxuak eta ekaitzaren zartako bortitzak.

Nabil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.