Ez dut nik zalantzan jarriko Angelina Joliek azkenaldian buruhauste ikaragarriak ibili dituenik; ez naiz horretarako nor, noski. Eta, zorionez, eta, oraingoz, ez dut halako kinkan ikusi neure burua, beraz, ez dakit halako erabakirik hartzea zer den. Eta bai, irudika dezaket Jolie burumakur eta gogogabe, larri, Frantzian, Kanputxean, Ingalaterran, AEBetan edo Greziako uharteetan dituen etxetzarretakoren batean, 100 metro koadroko logelan, ohetik jaikitzeko kemenik gabe. Edo landare exotikoz atondutako lorategian, nora ezean, begirada gandutan galduta bezala. Edo igerileku urdin distirantaren ertzean dautzala, Benettonen iragarki koloretsu bat osatzeko sortuak diruditen sei seme-alaba bihurri bezain maitagarrien zaintzaileei aginduak emateko indar barik.
Ez, ez dut nik zalantzan jarriko erabakiaren gogorra: latza behar du bular biak erauztea, bata bestearen jarraian hiru ebakuntza jasatea, munduko mediku onenek teknika aurreratuenekin berregingo dizkizutela jakin arren.
Baina barru zikoitzekoa naiz nonbait, eta ezin diot Jolieri heroi eta eredu denik aitortu, hedabideek lur, itsaso eta airezko mezu bonbardaketarekin hartara behartu nahi nauten arren.
Inbidia klaseren bat dela esan dit arrandegiko Elik; bai, klase inbidia, pentsatu dut nik.

Bira
Inbidia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu