Ihes egiten genion Mertxeri. Izan ere, okindegian, etxe aurrean eta, zer esanik ez, igogailuan topatuz gero, saihetsezina zen berriketaldia. Bere buruaren kontaketa izaten zen parte bat, bere intimitateko xehetasun guztiekin osatutako hari luze bat, eta gainerako bizilagunoi gure intimitatearen urraketa iruditzen zitzaizkigun galdera sorta bestea: «Eta ba al daukazu nobiorik?», «Zenbat pagatu duzue auto berria?»... Alegia, Mertxek urte asko zeramatzan hirian—berak kontatzen zuenez, izeba aberatsa zaintzera etorri, neskazahartu eta betiko geratu—, baina ez zituen menderatzen kode sozialak; eta, batik bat, ez zuen ulertzen ate —eta aho— itxien intimitate araua.
Ihes egiterik izan ez nuen horietako batean, Mertxek kontatu zidan ez zela inoiz hondartzara joan, ez zuela inoiz bainujantzirik jarri. «Ene, hori lotsa! Dena agerian!», eta eskuarekin ahoa estali zuen, eta gorritu egin zen pentsatze hutsarekin. Eta ez zen besteen gaitzespenean bermatutako jarrera moral bat, barru-barruko lotsa baizik. Intimitatearen urratze jasanezina.
Hondartzan etzanda nagoela gogoratu naiz Mertxerekin. Agerian dut gorputza ia osorik, eta ezezagun bat daukat alboan, 40 zentimetrora, hura ere erdi bilutsik. Elkar ukitzen dugu ia-ia. Egun on ere ez diogu esango elkarri.

Bira
Intimitatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu