Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Ipurdia

2014ko maiatzaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kate Middleton Cambridgeko dukesa eta Commonwealtheko erresumetako erreginagaiaren ipurdia omen estatu auzi Erresuma Batuan. Ez Eskoziaren independentzia, edo UKIPen emaitza onak, edo ongizate lasaigarriaren eraisketa, ghettoan hesitutako langile klasearen ezintasuna; ez, Middletonen ipurdia omen estatu auzi Erresuma Batuan. Eta ez da kiroletakoek bezala exajerazioa bizibide duten bihotzeko hedabideetan aurkitutako titulu bat, Espainian seriotasunaren kanona jartzen duen berripaperekoa baizik. Akaso izango da atzo Alberto Barandiarani kazeta honetan irakurri bezala esperpentoa delako Espainiaren marka, gauzak bere onetik ateratzeko joera groteskoa.

Tira, baina estatu auziaren exajerazioraino iritsi gabe ere, egia da Erresuma Batuko hedabideetan, tabloideetan bezala serioetan, hizpide dutela Middletonen ipurdia, haserre antzera: Australiara egindako bidaian haize bolada batek gonak harrotu eta argazkilari batek ipur-masailak erretratatu dizkiolako, azpiko arropa murritzean oparo. Eta, batik bat, Alemaniako Bild egunkariak argitaratu egin duelako, eta mundu guztiaren aurrean —bereziki, bere menpekogaien aitzinean— erreginagaia ipurdi bistan utzi duelako. Eta, ziurrenera, ipurdi bistan denok garelako oso barregarri, eta, batik bat, oso berdintsu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.