Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Irismena

2014ko urriaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Haserre nabil, ezin diodalako fede onik aitortu irismena-ren gisako irizpide amarrutsu baten gainean eraikitzen duenari euskal hiztunen komunitatearen trinkotzea bezalako kontu estrategikoetan herritarren diruen banaketa; funtsean, konkurrentzian, baina 10 kilometroko lasterketa zein maratoia egin behar duenari marka bera eskatuta. Haserre nabil, 200.000 euroko kopuruak sortu duelako kalapita, huskeria batek, beste edozein industria eta arlo diruz laguntzeko erabiltzen denarekin alderatuta. Haserre nabil 200.000 euro eskas horien murrizketak jar dezakeelako zalantzan euskararentzat hain premiatsua den komunikazio proiektu honen iraupena. Haserre nabil, nolabait itzuli garelako duela 25 urteko eztabaidetara, zeintzuetan elkarren osagarri beharko luketen egunkari nazional independentea eta tokikoa kontrajartzen ziren. Haserre, apur horien partiketa gai delako gure artean zatiketa, edo gutxienez errezeloa, eragiteko.

Eta haserre horretan beltz nabilela, eremu oso erdalduneko ikasle bat, ikasketak gazteleraz egiten ari dena eta euskaldun zenik ez nekiena, hurbildu zait esatera asteburuetan BERRIA erosten hasi dela, eta izugarri kostata baina gogoz irakurri duela Eñaut Etxamendiri egindako elkarrizketa, jakin-min handia piztu zaiola Iparraldeari buruz. Eta pentsatu dut zer ote den irismena horixe ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.