«Badira isiltasunak/ Badago esan ezinik/ Ez nuen pentsatzen hainbeste ziotenik», hautsi dit isiltasuna Maddi Zubeldiak, lerro hauek idazten lagunduz.
Nork ez ditu norberaren etxeko (a)hotsak ezagutzen? Gurean, egunaren lehen orenetako isiltasun hori sakratua da. Ezin uka estres puntu bat sortzen duela, ezin baita huts egin kontzentratzeko parada hori; tenpestaren aitzineko barealdia. Eta herstura ere eragiten du, ez baikara haren jabe, ez baitakigu noiz eta nork emanen dion bukaera. 28, 39 edota 41 izariko oinak izanen direa goiz honetan etxeko orkestra abiatuko dutenak? Zurezko zoladuraren karranka bakoitzaren nota ongi ezagutzen dugu, eta salatu egiten digute zein frontek duen isiltasunaren etenaldia eraginen: zein alaba dator?
Egunean zehar, ordea, hondo musikak tai gabekoa behar du izan, susmagarria izan baitateke soinurik eza: edo teknologiak irentsi dituelako edo konplot bat bidean dagoelako.
Alta, eskailera zaharren kirrinken lehen nota horiek, in crescendo datozkigu; maila bakoitzak handitu egiten baitu dakarkiguten bozkarioa, goizero-goizero.