Ezin zaio ume bati Hazia izena jarri. Hala ebatzi du epaile batek berriki. Hazia-k semena esan nahi duela da arrazoia. Egia da hori ere esan nahi duela. Sinbologia eta arrazoi bila ari direnei, ordea, ahaztu egin zaie hazia-k gauza asko esan nahi dituela euskaraz. Erdaraz esan nahi dituen moduan, jakina. Semena bakarrik esan nahiko balu ere, berdin lioke,gainera. Izen guztiei esanahia bilatzen ari direnei ahaztu egiten zaizkie hizkuntza handiak. Beti daude gure izenak jomugan: esanahi bortitza dutelako, sonoritate arraroa dutelako, direlako edo ez direlako, baina beti jomugan. Jasanezina zait neska edo mutila delako izen bat edo beste umeari jartzea galaraztea: ametsek, fenomeno naturalek, hegazti izenek... ez dute sexurik, baina guk jarri egiten diegu. Hori gutxi balitz bezala, orain epailea sartu zaigu jokoan eta izenen esanahiaren arabera galarazi egin ditzakeela pentsatu du. Galdetu nahi nioke ea zer pentsatzen duen Virginiaz, Concepcionez, Inmaculadaz edo bestez. Iruditeria erlijiosoan haziari erabat lotutako izenak dira, nahiz eta hazirik gabe egindako ume bakarra biblikoa den.
Gogoratzen dut nola egin zidan barre tipo batek Euskal Herriko herrien izenak erridikuluak omen zirelako. Googlen ausaz topatutako herri-izenak esan nizkion erdaraz; ez genuen sekula gehiago eztabaidatu.

BIRA
Izenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu