Ainize Madariaga

Kafe usai(n)a

2024ko martxoaren 23a
05:00
Entzun

Usaiak, tradizioa bezala, noizbait sortutakoak dira, baina haien ezaugarri nagusia dute, preseski, betikotasuna. Berezkoa dute. Denbora kontua baizik ez da betikoaren uniformea merezitzearena. Usu gure burua engainatzen dugu; betikoa hor denez, ez diogu berriari paradarik ematen. Inertziaren aurkako borrokañoa izaten da ohituraz aldatzea.

Adiskide batzuek merkatuan haien lekua bilatzen ari dira; literalki ari naiz: ortziraleroko Donapaleuko merkatuan toki bila aritu baitira. Mahaia paratu dute, eta gainean, izugarriko gustuz, antolatu haien mozkinak: kalitate handiko kafea; hautsetan erosteko edota bertan hurrupa ttipiz eta solas atseginez edateko. Astez aste, gero eta jende haborok dastatu die edaria. Bi metroz mugiarazi dituzten arte: fini bisita oro. Norabide aldaketak galbidea ekarri die: milaka kilometrotik jiniko kafea ez baita bera bi metrotara —ez ehun—. Atzo goizean, ekia lagun, magnolia ederraren pean hartu dute lekua, eta hor, betikotzeko ideia dute, inertziaren korronteak harrapatu baititu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.