Bai, segur, ez da gehiago Euskal Herriko lurretako ostatuetan, pastorala edo maskaraden ondotik Barkoxe zein Atharratzen bezala, jendea kantari biltzen, ahoak eman ahala, zintzurra larrutzeraino, bizkitartean garagardoa burrustan isurtzen dela eta barne tepoa izerdi gaziak usantzen duela. Entzun ditut gainera ohitura galtze hits horretaz jakintsu apurrak mintzo: orain bakoitza bere etxean giltzaturik geratzen da, zappagailua ahur batean eta zulo bakarreko txistua bestean.
Hala ere abestea zainetan daukagu. Bereziki taldean. Gaua apaltzen denean eta zerua izarrez kliskari dakusagunean. Irun-Moskuko Kabigorri tabernan adibidez. Nahi genuen guztiek batera Xabier Leteren Xalbadorren Heriotzean eskaini, ederra delako eta ahots kraskarienak onartzen dituelako. Hasi bezain laster lalalalalala hitzik gabe ginen. Etsitzekoa bazen. Luisek orduan azken belaunaldiko mugikorra atera zuen sakelatik. Youtubera zuzendu tarrapataz eta han aurkitu zuen Erramun Martikorena bideoa, testoa, karaoke moduan, lerrokatzen zela pantailan. Makinatxoa mahaiaren erdian jarri zigun, txakoli botila hutsaren maldan eta melodia osorik firingatu genuen.
Kantuaren zerbitzuko delarik aurrerapena ez da hain txarra.
Bira
Karaoke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu