Enpatizatzeko joera dut. Adibidez, Bertso Txapelketako finaletan gaixotu egiten naiz, bertsolarien larruan sentitzen bainaiz, hainbeste milaka lagunen aurrean bakarrik, hutsune beltzera amiltzear. Edo, nire lotsarako, Espainiako zoldarik zoldatsuenak hunki nazake: behin zorion malkoak isuri nituen telebistan Rocio Juradori begira, Ortega Canoz hizketan ari zela, maitasun erabateko hura neure erraietan sentitu bainuen. Edo gertatzen zait kriminalik itsusienenganako gupida sentitzea: neure burua atzematea bortxatzaile, haurren erasotzaile, hiltzaile multiple, torturatzaile eta armadaburuen barne min eta gatazkak irudikatzen. Finean, defentsa mekanismo bat da, besteen okerrak ulertuz neureekin barkaberago izateko bidea.
Atzo, esaterako, Legazpiko argazki zatar hori ikustean —Udalak hondakinak biltzeko ezarritako sistemaren kontra beren zaborra kale erdian pilatu zuen probetxuzko jendearen irudia— gai izan nintzen haien azalean sartzeko, eguneroko derrigortasunen zerrenda amaiezinean beste batek eragiten duen amorrua sentitzeko, protestarako premia nabaritzeko, ume kasketa forman eta dianaz okertuta bada ere.
Beste zerbait zait ulertezina: jendeon parte zital horien gainetik beren burua herritartasun noblearen eraikitzaile autoizendatu duten alderdiak aritzea supiztaile.

Bira
Kasketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu