Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Konparazioan

2014ko uztailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Naftali Fraenkel (16 urte), Gilad Shaar (16 urte) eta Eyal Yifrah (19 urte): hiru irribarre zabal, bizi indarra gainezka darien hiru begirada. Halaxe erakutsi dizkizute pantaila guztiek. Halaber, pantaila guztiek iragarri dizute jada gorpu direla. Bala zuloz josita aurkitu dituztela harri pila baten azpian, ekainaren 12tik amaiera jakineko bilaketa angustiaz betean aritu ostean. Auto-stop egitea beste errurik gabeko gazte israeldar-estatubatuar jatorrak gorpu Hebronen. Nerabeak, diote pantaila batzuetako izenburuek letra beltzez. Nerabeak, diote beste pantaila batzuetako esatariek keinukera beltzez. Eta terroristak direla hiltzaileak. Haien zitalkeria, itsukeria, gaitzarengatiko gaitza, segidan.

Urdailaren erdira etorri zaizkizu Naftali, Gilad eta Eyalen irribarreak, gainezka darien bizi indarra. Eta sentitu duzu ez dagoela lurrik, herririk, helbururik hiru gazte horien bizitzak adina balio duenik.

Pantailetan, aldiz, apenas aipatu duten Israelgo Armadak Gaza bonbardatzean hildako 16 urteko palestinarra, ez diote jarri izenik, irribarrerik, ez nerabe zenik. Pantailetan ez da agertu Ali Adel Latif ekainaren 11n Israelgo Armadaren bonba batek hildako 7 urteko haurra.

Eta pentsatu duzu konparazio guztiak direla gorrotagarriak. Horrexegatik direla egin beharrekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.