Miren Amuriza.
BIRA

Kontra

2018ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Diru publikoarekin finantzatu gura dituzte PPk eta UPNk datorren ekainaren 2an, Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikaren kontra (euskararen kontra, alegia), Iruñean egingo den manifestaziorako autobusak. Zentzu bakoa da, bere horretan, hizkuntza baten alde edo kontra egotea (gorri ala urdin? euskara ala erdara?), ordea, horrexetan ere konfrontazioa eduki guk eta, beste edozein esparrutan ohi dugun lez, ingurune linguistikoa ere hiru fakziotan banatu: aldekoak, kontrakoak eta beste guztiak.

Euskaraz mintzo direnak dauzkat nik aldekotzat; hitz egin ez arren, ulertzen ahalegintzen direnak, erdararik inposatzen ez dutenak, transmisioa bermatzen dutenak... Kontrakotzat euskara ez eze, euskaradunok arbuiatzen gaituzten horiek, esaterako; azpiratuak izanagatik ere, pribilegiatutzat aurkeztu gura gaituzten jende horiek denak. Eta beste guztiak... Beste guztiak «ez alde, ez kontra» daudenak dira (erdararako joera daukatenak gehienak); izan kontzienteki zein inertziaz.

Niri neuri, ardura, aldekoek ardura didate, egia esanda; ea indartsu, ondo zainduta, ilusionatuta dauden ala ez. Kontrakoek kezkatu egiten naute eta beste guztiek... Beste guztiek urduritu; irabazi beharrekoak iruditzen zaizkit batzuetan, etsigarriak besteetan. Menderakuntza egoeretan, azpiratuaren kontra dagoena haren kontrakoa izaten baita, eta alde ez dagoena ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.