Jantziak ez ezik diskonformitate itxura eta desberdintasun homogeneizatua saltzen dituen arropa marka batek Amaren Egunerako egindako iragarkiak hautsak harrotu ditu Bidasoaz hegoaldera. Laburbilduz: neska lirain bat —to/no diferentzia!— aipatutako markako soineko koloretsu bat jantzita, eta gonapean kuxin bat hartuta haurdunaren sabela itxuratzeko. Jolasean dabil ispilu aurrean, pozarren. Halako batean, kuxina soinekoaren azpitik kendu eta badoa, baina aurretik kondoi sorta bat zulatzen du orratzez. #tudecides (zuk erabakitzen duzu) traol feminista kutsukoa du lelo.
Ezker eta eskuin egurtu dute iragarkia, familiaren defendatzaileetatik hasi eta feministetaraino. Sumatu dudanez, amatasunaren fribolizazioa da kritiken hari komuna; hots, umeak edukitzea estetikarekin, apaingarriekin eta kapritxoarekin lotzea.
Nolanahi ere, uste dut erdiz erdi asmatzen duela amatasun glorifikatuaren ideologia zaharberrituaren narrazio gaurkotua mamitzen: alegia, emakume batek zoriontsu eta oso izateko ama eta eder behar duela, eta amatasunak edertasuna ebatsi ordez erantsi egiten duela. Erreparatu bestela azken boladan nola erretratatzen dituzten modelo, aktore eta edertasun ikono guztiak: ume sorta are eta ederragoak lepotik zintzilika dituztela. Edo nola erretratatzen garen gu Facebookeko soslaietan.

Bira
Kosmetika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu