Telebistako programa baten harira atera zen gaia: ea agendan besteek espero ez zuten norbaiten telefonoa ote geneukan. Adarra jo zidaten diputatu izan nintzen garaitik izango nuelako PPko norbaiten telefonoa. Broma giroan geunden, baina ez da halakoak galdetzen dizkidaten lehen aldia, eta harritu egiten nau. Telefono agendan lagunen zenbakiak gordetzen ditugu normalean, edo gure bizitzako momentu batean lankide izan ditugunenak, edo maiteminduta egon garen pertsonenak, edo elkarrizketa interesgarri bat eman digutenenak. Eta tarteka gorputza, arima, bihotza eta armairua bezala, telefonoa garbitzea ere ondo dago.
Diputatuak ginen garaian, ERCko diputatu bat eta biok sartu ginen behin igogailuan. Biok baino ez ginen heldu azken solairura, eta besteak jaitsi ahala esan zidan ERCkoak pertsona atsegina nintzela, eta flipatu egiten zuela nola uzkurtzen nintzen alderdi espainoletakoekin geundenean. «Normala da», esan nion: «Ez dut bizitza izorratu nahi didan jendearen laguna izan nahi». Kataluniako erreferendumaren ostean urak erabat nahastu zirenean elkartu ginen berriz, eta nik esandakoarekin gogoratzen zela esan zidan. Beste diputatu zenbaitek hitz egiten ziotenero pentsatzen zuela bizitza izorratu baino ez ziotela egin nahi, eta ezin zuela haiekin atsegina izan.

BIRA
Lagunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu