Gaur, 24 orduko hiper-konexioaz inor gutxi libratzen den garaiotan, lanabes berria eskaini digu teknologiak, bizitza eta lana uztartzeko bide urratzaile bat, izen metaforikoz jantzia: hodeia. Bulego kontzeptuaren itzulipurdikatzea dakar finean, eta erabiltzaileari ezer gutxi eskatzen dio materialki: sarera konektatzeko gailu modernoa (tableta edo telefonoa bera) eta konexio ona. Gainerakoa, jardunean kontsultatu beharko lituzkeen artxiboak, lankideen ekarpenak, informazio lagungarria edo enpresako kudeatzailearen aginduak, konparaziora, bertan aurkituko lituzke, amaraunak ahalbidetzen dion hodei horretan hain zuzen, eta falta lukeena ere internetek jarriko lioke eskura, aspaldian munduko informazioaren katedrala bihurtua dugunez. Halaber, apenas zamatuko lukeen bizkarra erabiltzaileak, lanean sortutakoari, izan ideiak, zenbakiak, irudiak edo ariketak, bertan egingo litzaiokeelako gordetokia, logika bera aplikatuta.
Espazioaren menpekotasunetik aske, beraz, nork bere segurtasun kopia egin beharrik ez, lantokirako joan-etorrietan gasolina eta pazientzia erre beharrik ez, geure onetik ateratzen gaituen lankidearen aldamenean eserita zapuztu beharrik ez. Nonahi ari gaitezkeelako. Eta era berean noiznahi, gure 24 orduen jabetza galduta.

BIRA
Lainotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu