Larrazken

Itxaro Borda
2010eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Europako politikari zenbaitek jada laido gisa erabiltzen duten neandertal antzekoak bihurtzen gara larrazkenetan, Oragarre eta Isturitze arteko oihanetan. Hereneguneko buhame ibiltari beltzaranek xamango biluziaren trukean txirikordatu zareak eskuetan, astiro bagabiltza hostoak urretzen zaizkien zuhaitzen maldatik eta iratze gorrietan zehar. Horrela ikusi eta neandertal ez da hain atzerakoia ezta?

Larrazkenetan zareak kunkuruino betetzen dira. Oin zaintsuaz garbotsak ireki eta ziztengatik gaztainak banaka biltzen ditugu. Denbora behingoz hartzen dugu, denboraren indar isilaz ohartzen gara, ez dakigu zergatik baina zerbaitek klask! egiten digu bihotzaren urmel malatsetan. Urrunago herriko azken mahastiaren hegian intxaurrak atzeman ditzakegu, bai eta hurrak -gure buruetakoetaz aparte bistan dena-. Etxera heltzean, aldiz, hor daukagu pikotze lerdena aiduru, bere fruitu ubel onduekin, baratze edo auzo jorran hasteko ordua dela oroitarazten diguna.

Patti Smithek abesten zituen dead city hauetara itzultzean gero naturaren emaitzak klikatzen ditugu, hil ala biziko lehia bailitzan, gaztain xehekatuak esnean itorik, gasna puska bat menbriloarekin.

Goizetako negu usainak Santizpiritu zubian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.