Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Lateralitatea

2014ko apirilaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Psikomotrizitate gelara itzultzeko baimena eskatzekotan nago, gero eta gehiago kostatzen baitzait eskuina eta ezkerra bereiztea. Esaterako, urteetan jandako diskurtsoek Hollandek makulu hautatutako Valls ezkerrean kokatzera behartzen naute; eskuin muturrean, aldiz, Le Pen. Baina jartzen naiz batek zein besteak esan eta egindakoei begira, eta dena nahasten zait eremu lauso batean. Izan ere, askatasunen murrizketan eta hurkoarenganako errezeloan oinarritzen den segurtasun eredua dute biek beren proposamenen erdigune; ordenaz mozorrotutako autoritarismoa. Eta biek hurkoa zenbat eta diferenteago, orduan eta gehiago zigortzen dute: Vallsek, adibidez, 20.000 ijito bota zituen beren etxeetatik iaz, eta ezkerrak «migranteen aldeko diskurtso dogmatikoa» laga behar duela aldarrikatu. Baina establishment-ak Le Pen izendatu du xenofobo, eta Valls politikari ausart, horrela, iruzur dialektiko horren bidez, eskuin muturra gaitzesten dugula eta ezkerraren alde egiten dugula sinesten jarrai dezagun.

Panorama ikusita, tentazioa da ondorioztatzea baietz, ezker eta eskuin kategoriak iraganeko banaketak direla, egungo konplexutasunak beste hitz eta ideia batzuk eskatzen dituela. Psikomotrizitate gelako oroitzapenek esaten didate, ordea, ezkerra noizbait ni izan naitekeen ijitoaren alboan dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.