Gauza bat dira gure herrietan eraikita dauden elizak, eta beste bat, Eliza bera, instituzioa; eta, instituzioak, gure herrietako eliza horiek bereganatu nahi ditu. Ez meza emateko lekuak bakarrik: instituzioak dena gura du. Eta jendea lo egon garen bitartean, bere izenean ipini ditu ahal izan dituen guztiak. Gure udalerri txatxarrean, urrutira joan gabe, baditu gotzaindegiak frontoia eta aretoa, baserri osoak eta auzolanean jasotako ermitak. Inori ezer kendu gabe, bakoitzari berea ematea omen da Jaungoikoaren legea, eta herriarena dena, herriari dagokio.
Hemen, ordea, Jaungoikoa eta lege zaharra elkarrekin doaz, lotura interesatu samarrean. Izan ere, foruak eta erlijioa elkarren eskutik joan izana ulertzen dut testuinguru historiko jakin batean, baina orain legeak beste batzuk dira. Eta lege horietan, Jaungoikoa eta Lege Zaharra aldarrikatzen dituen alderdiak, ez du kontenplatu nahi Elizak herriari kendutakoa herriari itzultzerik. Ez da ideologia kontua. Ezta fede kontua ere. Aberastasunaren banaketa eta herria ulertzeko modua da: edo ulertzen duzu herria denok garela eta guztiona denak publikoa behar duela, edo ulertzen duzu batzuk gorago daudela besteak baino eta botere banaketa interesatu bat aplikatzen duzu zure erabakietan.

BIRA
Lege zaharra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu