Amonak eta aitonak hitz egiten zuten gerraz. Beraz, ume-umetatik hazi ginen jakinez bazirela munstroak. Hazi ginen jakinez gorriak ikusi zituztela eta galtzaile atera zirela. Eta ez dagoela gerra baino ezer okerragorik.
Ondo koskortu eta gero jakin genuen, ordea, munstroaren erroak askotarikoak zirela. Ez zirela bakarrik zuri-beltzeko telebistan agertzen ziren gizon larderiatsu haiek, edota gauez ikastolako lagunen etxeetara sartu eta gurasoak lapurtzen zituzten uniformedun beldurgarriak. Amonak eta aitonak hitz egiten baitzuten gerraz, baina izenburu nagusitan, letra txikiak min egingo balie bezala. Ondorioz, ondo koskortu eta gero jakin genuen parkean agurtzen genuen aitona xalo hura edo hamargarreneko bizilagun jatorrak salatzaile izan zirela, gutxienez. Ohartu ginen letra txikia barru-barrurainoko zauri zela.
Orain, bakea eta elkarbizitza helburu dituen Lokarrik iragarri du badoala, gutxi-asko bete duela xedea. Eta estimatzekoa da jokabide hori, ohituegi baikaude erakundeen helburu erakundea bera bihurtzeko joera absurdora. Uste dut, ordea, urrun gaudela egiazko baketik, elkarbizitzatik. Zauri gordina dela oraindik letra txikia, besteak beste, amaitutzat eman dugun gure garaiko gerra dela medio espetxean betikotzen ari diren ehunka presoren izenak idazteko balia daitekeena.

BIRA
Letra txikia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu