Onintza Enbeita
BIRA

Loratzea

2023ko ekainaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ederra da landareak loratzen diren urte sasoia. Bat-batean, sagarrondoa lorez beteta dagoela konturatzen zara, eta lirioak berriro jaio direla, eta bitxilorez bete direla zelaiak, eta amapolen gorria urrundik ikus daitekeela, eta polena logelaraino sartu zaizula ohartzen zara. Inoiz ez dakizu noiz gertatu den, baina gertatu da eta bolada batez iraun egiten du loraldiak. Gero zimeltzea etortzen da. Landareen arabera ederragoa edo tristeagoa da lorea galtzen duten aldi hori, baina inoiz ez da loretzea bezain ikusgarria. Loreak kolorea galtzen du, zimeldu egiten da, eta landarea bera ere hiltzen hasten da. Gure joeraren kontra, ostera, landareari lagundu egin behar zaio hiltzen. Batzuetan komeni da bizirik daukan atala uztea, besteetan ez; berriro loretuko bada sustraia zaindu behar zaio; berriz erein beharreko lorea bada, lurra prestatu egin behar da hura joan eta gero, eta abar.

Batzuetan pentsatzen dut geure buruarekin ere antzera jokatzen dugula. Gaztetasunaren loraldia gainbaloratu egiten dugu, eta zahartzea gutxietsi. Zahartzeak eta hiltzeak ere arreta behar dute, baina tabua dira gizartearentzat. Bakarrik hiltzea tristea da, baina harantzago begiratu behar genuke: zahartzean ezin dugu gaztetako loraldia bizi, baina zainduta bagaude, loratuta hil eta bizi gaitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.