Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Mailua

2013ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Barre algaratan lehertuz eta xanpain kopak axolagabe altxatuz egin diogu ongietorria urte berriari —ene, bai zoro eta dibertigarriak garela hartarako baimena dugunean—, baina behin ajearen lurrunak garbitu direnean, ez diogu traza onik hartu 2013ari. Ez dator alferrik balbearen usaina eransten dion 13 horrekin! Are, aspalditik ari zaizkigu iragarpen beltzekin ekonomialariak, adituak, enpresaburuak, politikariak, agintariak, hedabideak... botereak oro: prestatu bizitza murriztera, ez baitago dirurik, enplegurik, baliabiderik, hazkunderik.

Eta, hortxe koska, hazkundea: otoitz eta erregu global zein multimedien bidez limurtu nahi dugun jainko berria. Baina Dennis Meadow zientzialari estatubatuarrak eta Massachussetseko Institutu Teknologikoko haren kideek 1972an iragarri zuten jada etengabeko hazkundea ezinezkoa dela, kolapsoa dakarrela ezinbestean. Eta 40 urteren buruan gero eta hurbilago ikusten du Meadowk hondamendia: «Japoniako esaera baten arabera, mailua baduzu tresna bakar aurrean iltzea baino ez duzu ikusten. Ekonomialariek hazkundea dute tresna bakar, beraz, hazkunde beharra baino ez dute ikusten». Horra hor miseria: hazkundearen mailuarekin itsututa gabiltza, etengabe kolpeka, dena suntsitu arte. Eta algaratan lehertzen egingo diogu ongietorria 2014ari ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.