Onintza Enbeita
BIRA

Maite eta gorroto

2022ko martxoaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Uda batez ikusi genituen: «Euskaldunak bai, ETA ez» oihu egiten zuten. Guztiak asko esatea izango da, baina batzuk ikusi egin genituen txosnak apurtzen, ikurrinak erretzen, parean zeukatenari bultzaka eta eskuineko eskua eguzkitara jasoz. Komunikabideen aurrean ateratzeko, eskuak poltsikoan sartzen zituzten, eta penaz azaltzen zuten zenbat min ematen zien ETAk egiten zuenak. Oraindik ere badakit nola egiten zidaten hankek dar-dar balkoitik kalera begira. Urteak pasatu ahala, pentsatu izan dut ETA bakarrik izan balitz gorroto zutena nahikoa zutela «ETA ez» esatea. Euskaldunak tartean sartzeko obsesio hori eskatu gabeko aitzakia salatzailea izaten zela iruditzen zait.

Denborak laprast egin digu harrezkero. Seguruenetik ez munduak adina, baina gure bizitzek ere buelta batzuk eman dituzte eta Euskal Herriko egoera politikoa aldatu egin da. Eta gaur bihotza zentzurik onenean uzkurtu dit baietzen eta ezetzen, edo maitasun eta gorrotoen arteko esaldi batek: «Maita ezazu Gaztela eta gorrota ezazu junta». Zeinen garai zailak diren bertso ttipietarako eskuin muturra lozorrotik harro esnatuta dabilen urte hauek. Ez zaigu besterik gelditzen geure burua, geure herria eta geure lurra maite ditugunoi: gorroto ditugunak hurbiletik zaindu eta ekitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.