Miren pozik bizi da: osasuntsu sentitzen da, gustatzen zaio bere ogibidea eta inolako estutasunik ez izateko lain ematen dio. Igeri egitea eta pintatzea ditu zaletasun, eta horretan ematen ditu enplegutik kanpoko orduak. Jendearekin ibiltzea ere asko gustatzen zaio, eta lagun mordoa du: aspaldikoak, berriagoak, kirola egitekoak, larunbatetan afaltzekoak, algararakoak, aitortzarakoak...
Hala ere, udaberria iristen den bakoitzero makalaldia izaten du Mirenek. Dena izaten da bat: zelaiak lorez betetzen hasi, dendetako erakusleihoak pastel koloreko soineko arinez, postontzia argaltzeko dieten iragarkiz, eta irrati-telebistetako entretenimendu saioak maitasunaren gorazarrez, eta Miren abaildu egiten da. Izan ere, hasten da pentsatzen funtsezko zerbait falta zaiola: maitemina. Alegia, Miren ez da inoiz maitemindu. Sexuarekikoak bere kabuz egiten ditu, eta tarteka adiskideren batekin, baina, oro har, ez dio buruko min handirik sortzen. Baina maiteminik ezarenak gaizki sentiarazten du: arraro, ezgai, hankamotz. Gainera, lagun estuenek, maitasunez, ohartarazi izan diote ooooso bitxia dela ez maitemintzea.
Mirenek ez daki La Rochefoucaldek aspaldi idatzi zuela asko ez liratekeela maiteminduko aurretik maiteminaren aditzerarik ez balute.

Bira
Maitemina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu